XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sare publikora, dudarik gabe

ARAZO honen inguruan zenbat eta jirabira gehiago eman, orduan eta argiago ikusten ditut behin eta berriz errepikatzen ditudan argudioak.

Badakit bakoitzak bera dagoen aldetik begiratzen diola edozein arazori.

Horrela izango da nire kasuan ere, ezinbestean.

Gaur egunekoak baino garai eta egoera txarragoetan hasi ginen eskola publikoan lanean.

Ez genuen orduan ere legeetan sinesten, lanean baizik.

Lanak berak ekarri ditu aldaketak eta lege-marko aproposagoen preminak.

Ez dugu esango kristoren emaitzak lortu ditugunik, baina badago aldea eskola haien eta gaurkoen artean.

Gurasoen partaidetza handiagoa, tutoretzan lan serioagoa, batxilergoko kurrikulumaren egokitasun eta koherentziaren bilaketa, ikasleen beharretara ahalik eta gehien hurbiltzen den heziketa lortu asmoz ari garen honetan, gutxien espero eta desio duguna ikastolak pribatuari atxikitzea da.

Ez digute beste biderik uzten esango dute zenbaitzuek.

Ni ez nago, hala ere, ados.

Ezin egon, bada, urte zailagoetan ere eskola publikoa herritarrengana hurbildu eta euskalduntzen saiatu baikinen.

Duela urte batzuk, ikastola eta eskola publikoen arteko konfluentzia bazetorrela aditzen genuenean, poza eta lasaitasuna sentitzen genuen, euskal irakaskuntzan lankide ziren beste askorekin bat egitean gauzak errazago egingo zitzaizkigula eta.

Esan beharrik ere ez dago eman beharreko pausuaz zein iritzi dudan: sare publikora, dudarik gabe.

Eskola dinamizatu ahala, berez, ezinbestean aldatuko ditugu legeak ere.

Pribaturako urrats hori, ordea, oso arriskutsua dela ikusten dut.

Behin pausu hori emanez gero zail ikusten dut atzera pausurik.

Bakoitzak tren bana hartuko balu bezala abiatuko lirateke bi sareak.

Legearen porrotak hortxe hartuko luke gailurra.

B eta D eredurako eskabidea besterik ez duten herrietan, hots, konfluentzia praktikoa egina dagoen herrietan, nola uler daiteke ikastolak pribaturako apustua egitea?

Zer da nahi dena?

Bi mailatako euskal eskolak sortu?

Gurasoek badute, noski, aukeratzeko askatasuna; ez da hori nik, ukatzen dudana.

Begiak eta belarriak ditut eta gauza arraro asko ikusten eta entzuten ari naiz aspaldi honetan.

Euskara eta ikastolak legez kanpo zeudeneko garai haietako mistikaz ari dira zenbait, ordutik honera euririk egin ez balu bezala, euskal gizarteak euskara eta euskal irakaskuntza onartuak ez balitu bezala.

Ikastola marfilezko dorre batean gorde nahi dutela dirudi, beste eskola eta erakunde asko lan berean ariko ez balira bezala.

Ez dut onartzen irakaskuntza trintxeretara eramatea, handik kanpo dagoelako lanik aski eta sobera.

Horregatik, arren eskatzen dut, aginterik banu errieta ere egingo nuke, inork ez dezala inongo ikastolarik bere estrategien zerbitzurako erabili.

Neure inguru hurbilera etorriz eta ikastolako guraso naizen aldetik, zera pentsatzen dut: nik ez dut ikusten zer aldaketa gerta daitekeen, txarrik behintzat, publikora pausu ematen badugu.

Lehengo zuzendaritza, lehengo administraritza (ekonomia aldetik buruhauste gutxiagorekin), lehengo irakaslegoa, Ikastetxearen Heziketa Proiektua (IHP) eta Ikastetxearen Proiektu Kurrikularra (IPK) ere berdin, pedagogi batzordea, asanbladak, geletako arduradunak, geletako bilerak, sikologoaren zerbitzuak... hitz baten esateko dena lehen bezalaxe.

Abantaila guztiak eta ekonomia aldetik estutasunik gabe.

Denon Artean lortu behar dugun geure eskola hori lortzeko haize berriak eta indar berria helduko litzaieke publikoetan ulertzen dudanez, arlo zabalagoa hartuko luke, testugintzan eta kalitatezko euskal irakaskuntza bultzatzen lan handia izango bailuke.

Euskal Herri osoaren ikuspegia falta zaidala egotziko dit batek baino gehiagok eta baita nik erantzun ere: ikastolen ghetoa eginaz ez diogu euskarari eta Euskal Herriari mesede handirik egingo.

Denbora lekuko.

Bukatzeko, ozenki egin ditudan pentsamendu hauei, akaso, darien larritasun punttua kendu nahi diet.

Aukerak aukera, gero ere lankide izango gara, ahal den neurrian, euskal eskolaren geroa denon artean gauzatuko baitugu.

ANJEL UGARTEBURU

ELGOIBARKO INSTITUTUKO IRAKASLEA ETA ELGOIBARKO IKASTOLAKO GURASOA